Kolondar trukaketa berebiziko gertaera da ekologiaren, nekazaritzaren eta kulturaren historian. Horren bidez adierazten da Mundu Zaharraren eta Berriaren artean 1492z geroztik izandako trukaketa erraldoia animalia, landare, kultura, gaixotasun, ideia eta giza populazioei dagokienez. Kristobal Kolon izan zen iraultza ekologiko honi bidea eman ziona, bere bidaiak direla kausa. Hortaz, Alfred W. Crosby historialariak "kolondar" adjektiboa erabili zuen trukaketa hori izendatzeko bere 1972ko liburuan (The Columbian Exchange).
Trukaketa Kolondarrak Lurreko gizarte ia guztien gainean izan zuen eragina. Europarrek eramandako gaixotasunek Ameriketako lurralde frankotako populazioa garbitu zituzten, jatorrizko biztanleek ez baitzeukaten haien kontrako immunitaterik. Ez dira ziurtzat jotzen Ameriketako biztanleriaren gaineko datuak Kolonen aurretik, baina estimatzen da 1500etik 1650era hango populazioaren %50 eta %90 bitarte hil zela gaixotasun horien eraginez [1].
Beste aldetik, bi eremuen arteko harremanek labore eta abere ugari zabaldu zituzten, gizakien populazioa bi tokietan handitu zituztenak. Esploratzaileek artoa, patatak eta tomateak ekarri zituzten Europara, eta XVIII. menderako oso garrantzitsuak bilakatu ziren Eurasian. Era berean, europarrek manioka eta kakahuetea sartu zuten Asiako hego-ekialdean eta Afrikako mendebaldean, eta bertako populazioaren hazkundeari eutsi zioten, uzta oparoak emanda.